Oarsoaldeko AEK

Oarsoaldeko AEK


Lezon, Oiartzunen, Oreretan eta Pasaian ditugun euskaltegien adinako historia zabal eta joria du Oarsoaldeko AEK-k. Hartara, geure ikasguak ederki islatzen du Euskal Herria euskalduntzeko ekinbidean, azken txoko eta herritararenganaino ailegatzeko AEK-k betidanik azaldu duen asmoa. Hortaz, Oarsoalde osoan aritzen den euskaltegi sare bakarra dugu geurea: Lezon Oroitzene AEKren bidez, Oiartzunen Intxixu AEK izena hartuz, Oreretan Xenpelar AEK eta Pasaian Txirrita AEK.

            Horrek guztiak Gipuzkoan dagoen AEKren ikasgurik handiena bilakatu gaitu eta baita Euskal Herriko handienetakoa ere. Izan ere, helduen euskalduntze eta alfabetatzeak garai berrietan ezagutu dituen erronka berrietara egokitzen jakin izan baitugu, bai geure eskaintzan zein geure jardueran. Horrela, askotariko eskaintza garatu dugu, beti ere eragile desberdinekiko elkarlana garatuz: euskalgintzako gainontzeko elkarteak, erakunde ofizialak, enpresak, ikastetxeak, bestelako elkarteak eta, nola ez, herritarrak eurak.

            Etengabeko egokitze prozesu horrek askotariko fruituak eman dizkigu, esaterako:
       - Gaur egun ordutegi aldetik zein bestelako faktoreak direla medio ezintasunak izan ditzaketen ikasleei zuzendutako autoikaskuntza sisteman aitzindarietakoak izan gara Euskal Herrian eta sistema horixe eskaintzen dugu Lezon eta Oiartzunen (bertako udalen berariazko laguntzaz). 
       - Hizkuntza bat ikasteko eremu naturaletan eta eraginkorretan sinisten dugunez, Familia Transmisiorako kanpainetan ere aitzindari izan gara eta Gogoa Zubi bezalako kanpainak jarri ditugu abian, eskualdeko erakundeekin batera. Kanpaina horiexek gaur egun eredu dira Euskal Herri osoan. 
        -  Azken urteotan enpresa nahiz bestelako elkarteen neurrira egindako ikastaroetan eskarmentu handia hartu dugu: bai euskalduntze orokorrekoetan bai xede berezikoetan. Ikasleak honakoetan izan ditugu: Pasaiako Portua, Tajo Coop, ABB Niessen, Haurtzaro Ikastola, Pasaia-Lezo Lizeoa, Oiartzungo Udala, Errenteriako Udala...
 -    Edozein hizkuntza ikasteko modurik azkarrena eta eraginkorrena erabiliaz dela uste dugu, horregatik, erabilerari berebiziko garrantzia ematen diogu. Hala, geure eguneroko eskoletan mintzamenari eta gaitasun ekoizleei leku berezia eskaintzeaz gain, erabilerarekin zuzenki lotutako ekimenak sortu eta sustatzen ditugu: eskolaz kanpoko jarduerak, asteburuko barnetegitxoak, ikastaro berezituak, Mintzalagun egitasmo desberdinetako kudeaketa edota sustapena...
 -   Euskalduntzea prozesu integral gisa ulertzen dugu eta geure jarduna dibertsifikatu egin dugu. Era horretan, AHIZE zerbitzuaren bidez hainbat egitasmo eraman ditugu aurrera: Pasaiako Portuaren euskalduntze planaren kudeatzaile izan gara, baita Lezo Berriro Euskaldun egitasmoarena ere; Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldiak euskalduntzeko egitasmoa kudeatzen dugu, Oarsoaldea Garapen Agentzia eta Don Bosco ikastetxearekin batera...

            Baina, zalantzarik gabe, Euskal Herri luze eta zabalean hedatuta egotea da gure ondarerik handienetakoa, hots, AEKren euskaltegi guztietan egunez egun sortzen den ezagutza kapitala partekatzeko aukera izatea. Horren adierazgarri da geure katalogoa.

1 iruzkin: